XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

John Major laguntza eskaintzeko prest agertu zen SESBko bisitan

MOSKU

John Major Erresuma Batuko lehen ministroak herenegun bukatu zuen SESBera egindako bidaia gero Txinara jarraitzeko.

Soviet Batasuneko agintariekin elkarrizketatu ondoren lehen ministro britainiarrak SESBean gosea egon ez zedin bere eskuetan zeuden baliabide guztiak erabiliko zituela agindu zuen.

Mikhail Gorbatxov eta Boris Ieltsin, SESB eta Errusiako lehendakariekin izandako bileren ondoren, mendebaldeko nazioek Soviet Batasunera bidaltzeko ekialdeko nazioetan elikagaien erosketa finantziatuko zutela adierazi zuen Lehen ministroak.

Erresuma Batuko Gobernuak SESBeko garraio eta produktuen banakuntza sistema azkartzeko adituak bidaliko zituela ere azaldu zuen John Majorrek.

Izan ere Soviet Batasunak produzitutako elikagai ugari azpiegiturak jasaten dituen arazoengatik ez dira kontsumitzailearengana heltzen.

Lehen ministro britainiarrak bere Gobernuak Baltikoko hiru errepublikekin harreman diplomatikoak ezarriko zituela ere iragarri zuen.

John Major-ek arma atomikoen arazoetaz Gorbatxov eta Ieltsinekin hitzegin zuela ere esan zuen.

Bere ustez Moskuk bere kontrolpean eduki behar ditu Soviet Batasunean aurkitzen diren arma atomiko guztiak.

Lehen ministro britainiarrak elikagaien orniketa agindu bazuen ere, etorkizunean mendebaldeko nazioek diru laguntza eskaintzeko erreforma prozesua areagotzea eskatuko zutela azaldu zuen.

John Major munduko zazpi nazio industrializatuenen erakundeko lehendakaria zenez SESBerako laguntza lortzen saiatuko zela ere iragarri zuen.

Erresuma Batuko Lehen ministroa baikor agertu zen SESBren etorkizunaz hitzegiterakoan.

SESB munduko demokrazia berriena bihurtzeko bidean dago, esan zuen John Majorrek.

Gorbatxov-ek hamaika errepublikekin edukitako elkarrizketak onuragarritzat jo zituen lehen ministroak.